Sarrera

  1. Izenaren aurreko izana.

Herriaren ezpalak: : bi lagun kantuzale (1975 artekoa)

Iñaki Ugarte Rekarte eta Joxerra Garzia Garmendia gara gu; irundar peto-petoa Iñaki, zortzi urte zituela trenak Irunera aldatutako legazpiar alderraia Joxerra.

Munduan beste asko bezala, olgetan-benetan hasi ginen gu elkarrekin kantatzen eta, zorionez, halaxe jarraitzen dugu: kantuz gozatu beste asmorik gabe. Amateur hutsak gara, txarrerako zein onerako: teknikoki eskasak bezain kantu-maitale sutsuak.

Sekula ez dugu izan musika-karrera egiteko asmorik. Agian horrexegatik dago gure kantu-ibilbidean horrenbeste hutsune, data eta bestelako datuei dagokienez.

1975 baino lehenago hasi ginen biok elkarrekin kantatzen, baina ez dakigu zehazki noiz. Iñakiren gurasoen etxean zela bai, Irunen. Jendarteko kantua zen gurea, ez jendaurrekoa.

Iñaki eta Joxerra (Irun 1976)

Herrezpalak: jendartetik jendaurrera (1975-76)

Halako batean, plazan aritzeko aukera sortu zitzaigun. Ez dakigu noren bidez heldu zitzaigun lehen gonbitea, baina berehala etorri ziren beste batzuk ere: dozena erdi bat, hor nonbait. Gehienak, 1976ko udan zertzekoak.

Bi ahots —polit samarrak, lagunek ziotenez—eta gitarra bat —Joxerrak halamoduz jotzen zuena—, horiek genituen gure «arma» bakar: nola arraio ausartu ote ginen jendaurrean aritzera? Mende erdi geroagoko talaiatik, arrazoi bakarra bururatzen zaigu: gazte ginela, gazte, ausardia aldean eta lotsak aparte: Joxerrak 23 urte apirilean beteak; Iñakik 18 ere ez azarora arte.

Plazarako gonbiteak onartuta, bi egiteko nagusi genituen: batetik, gure errepertorioa osatu eta finkatu; bestetik, izena —izen artistikoa, alegia— asmatu, kantaldiak iragartzeko afixetan-eta itxuroso agertu ahal izateko.

Zorionez, beti izan ditugu inguruan laguntzaileak, eta ez nolanahikoak. Izena asmatzen eta hasierako errepertorioa osatzeko zereginetan, gerora ere beti gurekin izan ditugun bi aipatu behar ditugu nahitaez, esker on-onez aipatu ere: Jexuxmari Mendizabal Iraola Bizargorri, eta Juan Garzia Garmendia, Joxerraren anaia.

2. Jalgi ginen plazara.

Herrezpalak: errepertorioa eta izen artistikoa

Etxamendi eta Larralderen zale amorratuak gara, eta haien kantak ez dira sekula faltatu izan. Horietako bi behintzat beti ere beti kantatzen genituen: Nun dira gure lagunak eta Garaztarra.

Bestalde, 1975-76 ikasturtean zehar beste hainbat kanta ondu —sortu, lardaskatu— genituen. Etxamendirenak barne, hamalau bat guztira, baina plazan erakusteko moduan landuak dozena erdia baino ez: Etxamendiren biak eta guk ondutako beste lau. Aski, halere, jaialdietan eman ohi ziguten tartea kontuan hartuta.

Errepertoriotxo horrekin aritu ginen 1976ko udan.

Etxamendi eta Larralderenak ez genituen osorik kantatzen, pasarte aukeratu bat edo beste baizik. Gitarraren laguntzarik gabe beti, a capella.

Beste lau kantak, esan bezala, aski modu bitxietan sortu-osatuak genituen. Musikaren alorra Joxerraren  kargu izaten zen: kanta aukeratu, egokitu, inoiz doinu berria sortu… Hitzak, berriz, Jexuxmarik sortuak dira bi (Mendiz eta Ibardingo mugan), eta Juanekbeste biak (Oriol eta Herrezpalak).

Azken kanta horrekin, errepertoriorako ale bat gehiago ez ezik, izen artistikoa ere oparitu zigun Juanek: «Herrezpalak» (`Herri-ezpalak´, `Herriaren ezpalak´). Metafora horren azalpenik argiena, izen bereko kanta da, hargatik paratu dugu bilduma honetan aurrena.

Haren jarraian datoz jatorrizko gure errepertorio txikerra osatzen ziten beste bost kantak.

Plaza: jokoa beste jolasa (1976-1979)

Ez dugu gogoan noiz-non izan zen jendaurreko gure lehen kantaldia, ezta guztira zenbat plaza egin genituen ere. Ahanzturaren basamortuan, hiru oasi: Laudio, Lleida eta Arrasate.

A)LAUDIO, 1976ko abuztua

San Roke festetan. Niko Etxart eta Maite Iridin ere aritu ziren. Gero afaria eskaini ziguten, afalosteak kantu giroa piztu, eta Nikok kanta berria aurkeztu zigun: «Muga gainetik, Euskal Herrian…».

B)LLEIDA, 1976-10-23

Ausarkeriaren gailurra 1976ko urriaren 23an jo genuen, musikarien Galeuskan, Lleidako Palau del Vidre aretoan. Galizia, Euskadi eta Kataluniako bina ordezkari zeuden iragarriak; Euskadikoak Mikel Laboa eta Jon Bergaretxe ziren, eta Laboak joaterik ez zeukala jakinarazi zienean, antolatzaileak larri.

Euskal adarreko antolatzaile lagunek ziria sartuta-edo, guri deitu ziguten. Eta guk, nola ez, gonbitea onartu. Gitarra lepoan hartu, trenean sartu eta Lleida aldera abiatu ginen, lotsa Irungo geltokiko kontsignan giltzapetuta.

Maria del Mar Boneten jarraian aritzea egokitu zitzaigun. Dozena erdi bat musikari bikain lagun zituela aritu zen Bonet. Eta horren ostean gu, gitarra txartxo bat beste atrezzorik gabe. Joxerrak hamar bat minutuko mitina egin zuen, entzuleak arestiko emanaldiaren sonoritateaz ahantz zitezen.

Oraindik amesgaiztoak egiten ditugu kinka hura oroitzean. Gozagarri bakar, urriaren 26an Diario de Lérida egunkari frankistak gutaz zioena: ·«Ian (sic) Bergareche (sic) y el dúo Hegaraz- Palat (sic) fueron tan vascos que ni por equivocación soltaron una palabra de la lengua de Cervantes».

C) ARRASATE, 1976-12-17

Gurea zineman kantaldia zegoen iragarria, Errobi izar nagusi. Areto mukuru betean, Anje Dualde «Euskadi, hori da hori…» kantatzen ari zela, Guardia Zibila sartu zen aretoan: «Tienen un minuto para desalojar el local» oihukatu, eta tiroka hasi ziren.

Errobiren aurretik Patxi Villamor labur aritua zelakoan gaude. Ziur dakiguna da Errobiren ostean geu ginela kantatzekoak, iragar-afixetan Herrezpalak izena ageri ez bazen ere —ez behintzat guztietan—. Tiroak hasi zirenean, kamerinoan ginen, txanda noiz iritsiko. Handik aurrera, garai hartan Arrasaten eguneroko ogia zena: jendea batera eta bestera korrika, gomazko pilotak, harriak airean, oihuak, izua, amorrua…

3. Azkenekoz kuku, luzaroan mutu

Bi urteko parentesia (1979-81). Azken jaialdia

Iraultzaren ametsa errauts bihurtuta, Joxerrak Alemaniara alde egin zuen: bi ikasturte Münsterreko unibertsitatean. Han Liederjan folk-taldea ezagutu, eta XV. mendeko kanta batekin liluratuta geratu zen: Inssbruck, Ich muss dich lassen.

Gero doinu horrentzat euskarazko hitzak sortu zituen Juanek, Saizarbitoriaren Egunero hasten delako nobelako Gisèle ardatz hartuta.

Horra funtsezko gure kanta-zerrendako azkena, zazpigarrena.

Azken emanaldia Irungo Santiago kaleko festetan izan zen, 1981eko uztailean. Ordurako guztiz geuretua genuen gerora Goizero hasten delako bataiatu genuen kanta hori.

Iñaki eta Joxerra (Irun, Santiago kalea, 1981)

Berrogeitaka urteko tunela (1981-2023)

Hasi bezala amaitu zen Herrezpalak-en ibili labur herrena: ezarian-ezarian. Ez zen erabakia izan, lagun izaten jarraitzen genuen guk… Bizitzak nor bere bidetik eraman gintuen, hori da dena.

4. Denbora galduaren bila: kantuan berriz (2023-2025)

Biok ere erretiroa hartuta, hasierako gure zazpi kanta haiek txukun grabatzeko gogoa piztu zitzaigun. Jakinik ere ez geniola musikari aparteko ekarpenik egingo, ahanzturatik gorde nahi genituen, garai jakin baten isla doia direla iritzita.

2023ko abuztuaren 31ean egin genuen lehen entsegua, Joxerraren etxean. Aurrena, kanta bakoitza prestatu beharra zegoen: abestitzak berreskuratu, orraztu, gitarraren akordeak finkatu, ahotsen banaketa adostu…; hori eginik,  grabaketa eskuko telefonoaren bidez egiten genuen.

Iñaki eta Joxerra (Donostia, Ibaeta, 2023)

5. Hamalaura ezkero, Erdia zazpi CDa (2025-26)

Grina piztu, eta gure kantak segapotoarekin baino txukunago grabatzeko aukera aztertzen hasi ginen. Hartan ari ginela, patuak musikari bikain bat ekarri zigun opari: Gontzal Iñarra, gu bion laguna, Oskarbi taldeko flautista izana. Berehala onartu zuen gure egitasmoa lideratzeko erronka. Kanten moldaketak ez ezik, bereak dira arte ekoizpena eta zuzendaritza. Horrek animatu gintuen CD hau egitera.

Hauxe zen jardunbidea: aurrena, guk geure grabazio kaxkarretako bat bidaltzen genion Gontzali; hark moldaketak prestatu, eta kanta «moldatua» bidaltzen zigun, guk etxean landu genezan; hori dena eginik, Irunen elkartu eta prestatutako kanta grabatzen genuen, Gontzalek horretarakoxe egokitua duen gelan. Zutikako mikrofonoan ahotsak pista banatan grabatu, eta hortik aurrerakoa Gontzalek apailatzen zuen ordenagailuaren laguntzaz. 2025eko azaroaren 25ean egin genuen lehen grabazio saioa.


Azala mami: CD-aren artelana eta maketa

Garbiñe Ubeda Goikoetxeak egin ditu diseinu lan horiek guztiak. Joseba Tapia eta Koldo Izagirreren Mister Eleizegi disko bestela ere bikainaren diseinua ikaragarri gustatu eta, Garbiñerena zela jakinda, gureaz ere bera ardura zedila eskatu genion. Lan zoragarria egin du Garbiñek, kostatu behar zaigu behar bezala eskertzen.

Sakonago eta zabalago: <Herrezpalak.eus>
Ez gara hamalau —erdia ere ez, akaso—, eta badakigu gure kanta hauek hutsaren hurrengo direla testuingurua ezagutu ezean.
Kontatzekoak asko izan, ordea, eta libreto honetan lekua eskas. Zer egin?
Ataka horretan ginela, Garbiñek Joxerra Aizpurua Sarasolarengana jotzea gomendatu zigun, eta hark esan zigun gure kasuan egokiena webgune koxkor bat sortzea zela. Bera izan dugu gidari guri ezezagun zitzaigun eginkizun horretan.