Herrezpalak
Juan Garzia: Hitzak, 1976ko udaberriaren hasieran idatziak. Diktadura luzearen kontrako borrokaren balantze labur etsia. Herrezpalak: Herriaren ezpalak, edo, zehazkiago, Etsaiak Herriari aizkorakadaz erauzitako ezpalak. Orduko gure —eta beste askoren— sentimendua ezin hobeto adierazten duen metafora iruditurik, bikotea hala izendatzea erabaki genuen.
Joxerra Garzia: Doinua, ausarkeria nabarmenez Juanen zortziko txikiok musikatuz.

Egurra ez zen aski
gu deuseztatzeko:
gu ere egur bihurtu
kolpeen jasateko.
Etsaiaren azkarra
hortaz ohartzeko,
erabakia baitzen
aizkora hartzeko.
Hartu zuen aizkora
ez zen, ez, berria:
aspaldi gure aurka
zen erabilia.
Beraren kolpe batez
Bidaso zauria
irekiz gertatu zen
zatitua herria.
Geroztik atertzeke
ari zaigu hola,
herri zaharra joka
enbortzat duela.
Hilak eta biziak
lekuko direla,
milaka izan dira
erauzi herrezpalak.

Ibardingo mugan
Jexuxmari Mendizabal: Euskarazko hitzak, Fermin Valenciaren La pastora de Ibardin kantaren jatorrizkoak bikain itzul-modatuta. 1975-76 ikasturtea Arrasateko Musakola auzoan etxebizitza berean bizi izan ziren Joxerra, Jexuxmari eta haren bikotekide Mertxe Eskribano, hirurak ere Arrasateko ikastolan irakasle. Gitarra lagun, Joxerrak sarri kantatzen zuen La pastora de Ibardin, harik eta egun batean Jexuxmarik euskarazko hitzak eskaini zizkion arte. Geroztik Ibardingo mugan da guretzat kanta hori.
Fermin Valencia: Doinua eta jatorrizko hitzak (gaztelaniazkoak).
Hantxe, Ibardingo mugan,
neskatxa bat negarrez,
bere aurrean zibila
baitaduka, fusilez.
—Utz nazazu joan nadin
arditxo bat hartzera,
neu galdua bainintzake
uzten badut galtzera.
—Ezin zaitezke hemendik
ibar hartara jaitsi;
lege batzuk badira, ta
lege hoiek ez hautsi.
—Muéstreme su pasaporte!
—Ez dut hemen, ordea!
—Muéstreme sus credenciales!
—Holakorik ba dea?
—Madridetikako legek
ba dakitea ezer?
Ardi bat galdu dut, eta
lege hoiek neri zer?
Han behean bada herri bat,
nere honen berdina;
hizkuntza ere hala dute,
txikitatik nekîna.
Hantxe, Ibardingo mugan,
neskatxa bat negarrez,
bere aurrean zibila
baitaduka, fusilez.
Hantxe, Ibardingo mugan,
neskatxa bat negarrez,
bere aurrean zibila
baitaduka, fusilez.

Nun dira gure lagunak
Eñaut Etxamendi (Labur-moldatua). Etxamendi eta Larralderen jarraitzaile sutsu izan gara gu hasiera-hasieratik, eta haien estiloan kantatzen saiatu izan gara beti. Gehienak kanta luzeak dira, ordea, eta guk kanta bakoitzeko pasarte aukeratu bat edo beste kantatu ohi ditugu, guretzat esanguratsuen —edo besterik gabe gustagarrien— direnak.
Nun dira gure lagunak,
mutil azkar eta alegrinak?
Hutsik dirade alor-oihanak,
hutsik ere andre alargunak.
Ekhaitzak han zirenian,
eskua elgarri eman
dugu askotan,
gure lanaren onetan
ginduelekotz gogotan
ari ginela oletan
iraultza egiten
Euskal Herrietan.
Nun dira gure lagunak,
mutil azkar eta alegrinak?
Hutsik dirade alor-oihanak,
hutsik ere andre alargunak.

Mendiz
Jexuxmari Mendizabal: Hitzak, John Denverren Back home again kantaren doinuaren moldean, baina jatorrizko hitzei jaramonik egin gabe. John Denverren jatorrizko hitzek estanpa bukoliko topiko bat irudikatzen dute. Jexuxmarik, berriz, izenik gabeko iheslari erbesteratu baten etxe-minaren berri ematen digu, ohiko bere hizkera bizian. Ibardingo mugan kanta bezala, Arrasaten idatziak dira abestitzok, 1975-76 ikasturtean.
John Denver: Doinua. Joxerrak kanta hau gitarrarekin ingelesez-edo kantatzen zuenean ahapaldi oso bat uzten zuen bazter, estrofek eta errepikak ez bezalako doinua duena, eta halaxe geratu da gure errepertoriotxoan betiko.
Herria nuen maitatu,
hortaz nintzen kezkatu,
ez nuen nik besterik.
Bota nindun arrotzak,
gose baitzitun hortzak,
bota, bai, neure etxetik
*Mendiz joan nintzen ihesi,
zakur hortzak nere atzetik;
lurrak deitzen nau horra,
eta banoa,
ezin dut gehiago etsi.
Ene eleiz dorreko
ezkila mintzo-gozo,
ekar aire bizian
kateetatik libro,
festa dela berriro
gure Euskal Herri hontan.
*Mendiz joan nintzen ihesi…
Garai batez joanok,
mendiz ihesi ginanok,
laster goazke etxera.
Ez gara mendiz joanen,
harro baizik aurre emanen:
irten zaitezte bidera.
*Mendiz joan nintzen ihesi…
Ene etxetik urrun
eman dut mila egun,
etsi ezinik nabila…
Noan berriz herrira,
dinbi-danba ari da
nere herriko ezkila.
*Mendiz joan nintzen ihesi…
Mendiz joan nintzen ihesi. Mendiz joan nintzen ihesi.

Oriol
Juan Garzia: Hitzak. Oriol Solé Sugranyes, MIL (Movimiento Ibérico de Liberación) alderdiko militante katalana Guardia Zibilak hil zuen, tiroz, Berrueten, 1976ko apirilaren 6an. Bezperan, Oriolek eta beste 28 presok Segoviako kartzelatik ihes egitea lortu zuten, baina Guardia Zibilak 24 harrapatu zituen, eta Oriol hil. Haren gorazarrez sortu zituen Juanek abestitz zirraragarriok, Oskorri taldeak kantatzen duen Laugarrenez Nerea etorkizunaren aurrean kantaren zati baten doinuan.
Natxo de Felipe: Doinua, Gabriel Arestiren Laugarrenez Nerea etorkizunaren aurrean poema musikatuz.
Ez haugu inoiz ere
ahaztuko, Oriol;
Nafarroako lurrean
hi ongarria haiz.
Ezin ahaztu haugu, adiskidea:
askatasun hazia haiz,
herria eginik odol.
Kaiolatik irtenda,
hegoak astindu;
hegan hasi orduko,
ehiztariak ageri.
Ihes egiteko indarrik ez, ta
irrikitako eguzki hori
berriro zaizue ostendu.
Hilotz bihurtu zituan
gau hartan asmoak,
baina ez dezagun etsi,
hauts ditzagun kateak;
espetxeak hustu behar ditiagu:
aska ditzagun, gazteak,
herria diren presoak.
Zenbait, nolanahi ere,
ez ziren erori:
sasi-mugatik barrena
irrintziak agurtu.
Barruan daudenak prest beude beti:
gure borroka ez da epeldu,
haiengatik baita gori.

Garaztarra
Eñaut Etxamendi (Labur-moldatua)
Joaki dituk urtiak,
nik utzirikan Herria;
bahaki zein dolu dutan,
oi, ene bihotz erian.
Garazitik joan nintzan,
segurki, itzultzekotan:
untziak loazkelarik,
orain nago leihorretan.
*Garaztarra naizela
diotsut nik ere,
Garazin sortu nintzan,
han nahi gero´re.
Mendi-oihanez zauzkit, oi,
begiak bete:
Garazin gaindi,
Baigorrin gaindi
ibil nindaiteke…
Garazin gaindi,
Baigorrin gaindi
banintz orain ere.

Goizero hasten delako
Juan Garzia: Hitzak, Ramon Saizarbitoriaren Egunero hasten delako eleberritik Gisèle protagonistaren kinka lirikara ekarriz.
XV. mendeko kanta aleman baten doinua da: Innsbruck Ich muss dich lassen. Ez dakigu nor den hitzen egilea, baina doinua Heinrich Isaac delako batek eman zuen ezagutzera, 1485ean, eta baliteke egilea bera izatea. Bertsio ugari ditu kantak; Joxerrak Alemanian ezagutu zuen Liederjan taldearena hartu genuen eredu.
Durkheim, estazioa,
tren bat norabait doa,
han zain neskato bat,
kantinaren aurrean,
maleta bat aldean…
nahi al´zu Winston bat?
Kantinan berritsu bat
hilarazten orduak
kafearen ketan;
jendeak sartu-irten,
bizi bana iruten,
harat-honatetan.
Trenak etorri-joan,
maletaren ondoan
neskak soa urdin,
jendartean bakarrik,
neoipean ederrik…
Zergatik duzu min?
Begi-distira hura,
haren hitzen lilura,
nora dira gorde?
Fruitu bat utzi zizun,
trenak zer etorkizun?
Etsipen ilunpe!
Maletaren hutsean
haur batzuk jolasean,
Giséle leihotik so;
itzaletan barrena
txistuka doa trena…
Ixo, bihotz, ixo!
Sehaska zein hilkutxa,
trenak soraio bultza,
gaua tunel-zulo;
egunsentia urrun,
burdinak zurrumurru…
Kulunkan egin lo!
Trenaren esperantza,
tunelez aurrerantza,
nahiz nora jakin ez;
goizero zuretzako
berriz hasten delako
eguna urdinez.
Eguna urdinez.

Hutsa
Antonio Valverde Ayalde: Hitzak, Jorge de Oteizari euskararen funts mami-mamikoa garbi uzte aldera idatzitako poema (1965 aldera).
Antton Valverde: Doinua, aitaren poema musikatuz, ohiko bere sentiberatasun finaz.
Euskel sustrai,
herri honen mamia non dago?
Hauxe duk nere ustea:
ez kromletx ez dolmenetan,
ez harri koxkor zaharretan…
Itsaso bazter etxeetan
eta mendi baserrietan
oraindik bizirik, baina
huts sakon ilunpetan
estaltzera dihoakigun
hizkuntza gurean…
Mendi-mendian otea
botoi horiez betea:
Jorge de Oteiza, hi haiz
ola-gizonen semea.
Hire mailuak, ordea,
irudimenezko mailu horrek,
ez tiriki-taukirik,
hutsa moldatzeko joak
ez baitute soinurik…
bihotzarentzat baizik.
Itsaso bazter etxeetan
eta mendi baserrietan
oraindik bizirik, baina
huts sakon ilunpetan
estaltzera dihoakigun
hizkuntza gurean…
Mendi-mendian otea
botoi horiez betea:
Jorge de Oteiza, hi haiz
ola-gizonen semea.

Otsagabian
Eñaut Etxamendi (Labur-moldatua)
Karlixtoekin hasi giñan-ta
reketekilan segitu
gerra haundiak irabazi-ta
auziak ditugu galdu.
Hilharrietan loreak dire
goizalderako zimeldu;
mendi gainetan elhurrak dire
jorraila gabe gesaldu,
bainan halere primaderarik
Nafarroarat ez heldu.
Otxagabian, Otxagabian zer dute?
Otxagabian, Otxagabian zer dute?
Kantuak galdu, kantuak galdu zaizkote
Eskuara galdu, erdara sartu zaiote.

Eki Eder
Beñat Sarasola: Hitzak.
Pier Paul Berzaitz: Doinua. Guk taldeari ikasi genion kanta, eta guztizko erreferentzia kuttun izan da geroztik gure lagunartean.
Udazkenean mendiak
urzoen eho tokiak,
sare ‘ta ihiziariak
alde guzitan gordiak.
Berdin ditugu etsaiak
gordagian jarriak,
gure seme ta alaben… oi, ebasliak
*Eki eder sutan bero
euskaldun bihotzak oro
gudukari diten gero
bilaka gau-egunero
Su pindarraren indarrak
duelarik sortzen su garra,
preso ezarri gatua
nola den amorratua…
Berdin dira euskaldunak
gizonik hoberenak
baina agertzen ximixta… ziztatu eta.
*Eki eder…….
Bururatu da guretzat
ilusionen denbora,
jaun haundi bat Parisetik
jinen zela salbatzera.
Nunbaiteko zeruetan
baldin bada jainkorik,
guk ez dugu sinetsiko… nagusi denik
*Eki eder…
Gizon enganatzailia,
itxuraz baita zintzoa,
aberatsekin dabila,
ederra dauka mintzoa.
Harek du deliberatzen
gure ongia zer den,
guk azala, harek mami… daukula jaten
*Eki eder… [2 aldiz]

Nik ez dut amets handirik
Xabier Lete. Gure belaunaldiaren —eta akaso beste hainbaten— ahotsa.
Nik ez dut amets haundirik,
zeru ederrik eskeintzen,
etsipenaren mugetan
zuekin nago bizitzen.
Nik ez dut solas lodirik
etorkizunaz egiten,
bat-bateko librakuntzaz
ez dut aspaldi sinisten.
Bizitza maite dut, baina
ez dut alferrik gastatzen,
eguneroko lorea
egarriz baitut dastatzen.
Nik ez dut ehortz ondoko
omenaldirik desio,
bizitzaren etsai denez
gorrotatzen dut herio.
Ez dut nahi herri zahar baten
agoni kanpairik entzun
alferrik da bihozkadaz
egoerari erantzun.
Lur bortitz honen azpian
hobeagorik ez dago,
handik berriz itzultzerik
ez da asmatu oraino.
Zergatik kale erdian
ipuin erorik kontatu,
bizitza merezi duen
gazte ederrik hondatu?
Uste onaren emaitzak
gau beltzak ditu urratu,
hobe da etorkizuna
adimentsuki moldatu.
Eguneroko fruituaz
eskuak bete ditzagun
alferrik da bihozkadaz
egoerari erantzun.

Okerra kapitain
Piarres (Lafitte) Ithurralde: Hitzak (Ziburu, 1921). Bertso berrien izenburuak (Nere chorteko laguneri) argi aski erakusten duenez, soldadutza giroko kanta da: herren eta betoker izanagatik ere soldadutzarako balekotzat joa duten gazte baten ahotik hitz egiten du egileak, burlaize nabarmenez.
Herri-doinua, indartsu eta alai askoa, hamarreko txikiko moldean.
Nahi derauzkizuet
gaur bi pertsu egin,
zuekin izaitea
baitut nik atsegin.
Mahatseko esneak
-suzko ala sorgin-
pizten deraut zintzurra
eztitasunekin:
huna nere xortea
xehetasunekin.
Sortzean bezalaxe
xortean agertu:
buluzgorri bainintzen,
han naute ikertu.
Aitzindaria etzen
lan hortan izertu;
duda-mudarik gabe
ninduen onhartu:
mainku-oker naizela
ezpaitzen ohartu.
Hamar izanagatik,
-bai, hamar- erronkan!-
Ez nuen mintzatzeko
segur beldurrikan:
“mainku naiz eta oker…”
abantzu errenkan…
ihardetsi baitzuen:
“ale fiche lekan…”
joan nintzen eta hasi
kantuz errepikan.
Egia erraiteko,
zangotto ezkerra
ibiltzeko dadukat
poxi bat uzkurra;
urratsa baldin badut
sobera makurra,
zaldiz emanen naute,
zer zaldun ederra!
Kapitain eder, baina
kapitain okerra!

Ibiltariena
Joxerra Garzia: Hitzak, Txomin Artolak aurrez sortutako doinuaren moldean.
Txomin Artola: Doinua. ETAk Yoyes hil eta gutxira, hilketa horrek eragin zion sumina adierazteko kanta bat sortu zuen Txominek, atentatua gordin kontatuz. Hasierako bihozkada hura ingelesez atera zitzaion, baina kanta Berriz Arte diskoan (1988) sartu nahi zuen, eta euskarazko hitzak jartzeko eskaera egin zion Joxerrari. Aise adostu zuten hitzez hitzeko itzulpena ez zatekeela egokia, eraginkorrago izango zela biek partekatzen zuten sumina —zuzen eta gordin adierazi beharrean— metafora bidez iradokitzea,
Agur ta banoa
ni ez bainaiz hemengoa
ez dut aberririk
libertatea ezik
t´aspaldi luzean
bizi naiz erbestean
inoren etxean
arrotzen artean.
Agur ta banoa
ni ez bainaiz hemengoa
ez dut ekipairik
nere gitarra baizik
ta zure itzala
ipar-orratz bezala
zama arina da
amaigabea bidea.
Agur ta banoa
ni ez bainaiz hemengoa
ez dut helbururik
ibiltzea besterik
nekeen gainetik
ametsaren azpitik
haizeak naroa
ez naiz inon inongoa.
::::::::::::
Agur ta banoa
ni ez bainaiz hemengoa
ez dut helbururik
ibiltzea besterik
nekeen gainetik
ametsaren azpitik
haizeak naroa
ez naiz inon inongoa.

Tristuratik itsasoa
Jorge Gimenez: Hitzak, izenburu bereko poema.
Gontzal Iñarra: Doinua, Jorgeren poema musikatuz. Jorge eta Gontzal lagun minak izaki, aurren batean Jorgek berak kantatzea zen asmoa. Tamalez, ez zuen horretarako astirik izan. Gontzalek proposatu zigunean kanta guk kantatu eta disko honetan sartzea, hasieran harritu, baina berehala uxatu genituen zalantzak. Izan ere, arrazoi sendoak genituen gure kanten zerrendari Jorgerena eransteko. Batetik, «errauts» zein «hondar ale» deitu, amets handien porrota aitortzen ari baikara denok ere, dela iraultzarena dela bizitzarena berarena. Bestetik —eta batez ere— samina samin ohore handia da Jorge gurekin izatea egitasmo honetan (ere); zor genion hainbeste.
Zorion egunetan xahututako barreak,
alaiak eta bestelakoak.
Gau adiskidetsuan jaurtitako zirtoak,
benialak eta bestelakoak.
Maitasunean milaka oparitutako ametsak,
eroak eta bestelakoak.
Bakardadean ke zurixka bihurtutako poemak,
koldarrak eta bestelakoak.
Horiek guztiak dira gaur hondar aleak,
oro dira oroi-minez aseak,
ezdeusak eta bestelakoak.
Eta nire tristuratik
itsasoa ikusten da.
Eta nire tristuratik
itsasoa ikusten da.
::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::::
Zeru ustelen bila erretako bizitza,
etsia eta bestelakoa.
Huts beltzaren erdian sortutako bizipoza,
hauskorra eta bestelakoa.
Gaueko nora-ezean egindako urrats baldarrak,
ausartak eta bestelakoak.
Lehia antzuan alferrik zorroztutako arrazoiak,
kamutsak eta bestelakoak.
Horiek guztiak dira gaur hondar aleak,
oro dira oroi-minez aseak,
ezdeusak eta bestelakoak.
Eta nire tristuratik
itsasoa ikusten da.
Eta nire tristuratik
itsasoa ikusten da.
Horiek guztiak dira gaur hondar aleak,
oro dira oroi-minez aseak,
ezdeusak eta bestelakoak.
Eta nire tristuratik
itsasoa ikusten da.
